Andatza auzoak Aiako III. Mendi Duatloia hartu du beste urte batez. Atzo, larunbatez, jokatu zuten mendiko duatloi proba, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren barruan, eta Iker Eskibel eskoriatzarra eta Enara Oronoz iruindarra izan ziren nagusi bakarkako mailan. Eskibelek ordu bat, hemezortzi minutu eta 47 segundon amaitu zuen proba. Oronozek, berriz, ordu bat, 43 minutu eta 30 segundoko denbora eskuratu zuen. Gizonen mailan, Unai Mateos ugaotarra izan zen bigarrena eta Ander Uriarte bergararra hirugarrena.Emakumeetan, Nekane Pradera gasteiztarra izen zen helmugara iristen bigarrena eta Ainara Pequeño zumaiarra hirugarrena. Erreleboka, berriz, Sunbilako Koldo Herrera eta Dani Iparragirre izan ziren aurrenak lanak bukatzen. Jende ugari bertaratu zen Andatzara proba ikustera. Eskibel eta Oronoz pozik eta gustura agertu ziren egindako lanarekin.
Aurten, zirkuituaren dinamika aldatu dute antolatzaileek, eta korrika-bizikleta-korrika egin beharrean, korrika eta bizikleta egin dituzte hurrenez hurren. Ohi bezala, Aristerrazu plazatik irten ziren parte-hartzaileak, eta 6,21 kilometro egin zituzten lasterka mendian. Guztira, hiru buelta eman zizkioten ibilbideari. Ondoren, beste hiru itzuli eman zizkioten bizikletako zirkuituari, 13,2 kilometro osatu eta plazan helmugaratu arte.
Aurten, bakarka 40 lagunek hartu dute parte, eta erreleboka, berriz, 21 bikotek; guztira, 82 parte hartzaile aritu dira lehian.
Irudi politak utzi ditu Aiako III. Mendi Duatloiak. Horietako batzuk bildu ditugu honako bideo honetan.
Atzoko argazki bilduma osorik, hemen.