Olatz eta Iñaki Salvadorrek kontzertua eskainiko dute larunbatean, Baztartxo antzokian

Ane Olaizola 2024ko urt. 9a, 09:57

Olatz eta Iñaki Salvador. (Utzitakoa)

Bien arteko ahaidetasunari zor, Familia artean izeneko zuzenekoa eskainiko dute musikariek, eta "belaunaldien arteko hurbilketa musikal eta artistiko interesgarria" izango dela azaldu dute antolatzaileek. Sarrerak aurrez eros daitezke.

Olatz eta Iñaki Salvador musikariek Familia artean kontzertua eskainiko dute datorren larunbatean, hilaren 13an, Baztartxo antzokian. Senideak dira bi musikariak, eta hori horrela, "topaketa berezia" izango dela aurreratu dute sustatzaileek. Hortik haratago, "belaunaldien arteko hurbilketa musikal eta artistiko interesgarria" izango da larunbatekoa. "Xalotasunetik eta xumetasunetik abiatuta funtsezkoa den horretan sakondu nahi duen lana da, soila eta emozioz betetakoa".

Olatz Salvadorrek 2014an ekin zion bakarkako ibilbideari, eta ordutik, estudioko bi disko kaleratu ditu: Zintzilik eta Aho uhal. Hain zuzen, bere errepertorioa izango da larunbateko emanaldiaren bizkarrezurra, eta ahotsari eta gitarrari piano doinuak lagunduko dio, Olatzen osaba den Iñaki Salvadorri esker. 42 urteko ibilbide profesionala eta artistikoa du hark, piano jole, interprete, konposatzaile eta irakasle moduan. 15 diskotik gora kaleratu ditu azken hamarkadetan. Antolatzaileen hitzetan, bi artistek elkarrekin esploratuko dute beren "musika unibertsoaren fusioa".

19:00etan izango da kontzertua, eta sarrerak dagoeneko salgai dira Entradium webgunean, 12 euroren truke.