Asteburu gazi-gozoa izan dute Anaitasuna futbol taldeko lehen mailako neska-mutilek, berdinketaren eta porrotarekin amaitu baitute astea.
Gizonei dagokienez, Hirugarren Mailan den Anaitasunako taldeak Basconia taldearen aurka neurtu zituen indarrak larunbat arratsaldez, Txerloian. Hasiera makurra izan zuten gorrixek, Basconiak bi gol sartu baizizkien 11. eta 29. minutuetan. Hala ere, Izak Anaitasunaren lehen gola sartu zuen 37. minutuan, eta Anderrek partida berdintzea lortu zuen 52. minutuan, erdiraketa baten ostean sartutako golari esker. Azkenean, binako berdinketarekin amaitu zuten norgehiagoka Txerloian.
Emakumeek, berriz, Basauri taldea izan zuten aurkari igande arratsaldez, Basaurin. 31. minutuan iritsi zen Basauriren lehen gola, baina Libek 44. minutuan partida berdintzea lortu zuen, falta lateral batetik zuzenean sartutako golari esker. Bigarren zatia ezin hobeto hasi zuten gorrixek, hasi eta berehala sartu baitzuen Maiderrek taldearen bigarren gola. Hala ere, egoera okertu egin zitzaien azkoitiarrei partidaren azken minutuetan, 80. eta 85. minutuetan Basaurik bi gol sartzea lortu baitzuen. Azkenean 3 eta 2 amaitu zuten partida, eta Anaitasunako emakumeek punturik eskuratu gabe itzuli behar izan zuten etxera.