Zabaldu dute inauterietako Mozorro Lehiaketan izena emateko epea

Iraia Oteiza 2024ko urt. 22a, 15:15

Iazko irudi bat. (Argazkia: Nerea Uranga)

Mozorro Lehiaketan eta Ondoen apaindutako Taberna Lehiaketan izena eman nahi dutenek otsailaren 9ra arte izango dute horretarako aukera. Udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan eman beharko dute izena, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 15:30era bitartean.

Azkoitiko Udalak gaur zabaldu du inauterietako Mozorro Lehiaketan eta Ondoen Apaindutako Taberna Lehiaketan izena emateko epea. Parte hartu nahi dutenek udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan eman beharko dute izena, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 15:30era bitartean. Otsailaren 9ra arte izango dute horretarako aukera. Udalak gogorarazi du Mozorro Lehiaketan parte hartzeko 16 urte edo gehiago izan behar direla.

Lehiaketak otsailaren 10ean izango dira. Egun horretan, Mozorro Lehiaketako partaideek Plazaberritik -104 zenbaki paretik- igaro beharko dute 19:30etik 20:30era bitartean epaimahaiak mozorroak baloratu ditzan. Halaber, epaimahaikideak lehiaketan parte hartuko duten tabernetatik igaroko dira 19:00etatik aurrera, haien dekorazioa ikusi eta balorazioa egiteko.

Udalak bi kategoriatan banatuko ditu sariak: talde txikietan, gehienez sei lagunekoetan; eta talde handietan edo sei lagunetik gorakoetan. Kategoria horietako bakoitzean hiruna sari emango dituzte: talde txikietan 300, 200 eta 150 euroko diru sariak; eta handietan, 600, 500 eta 300 euroko sariak. Aldiz, ondoen apaindutako taberna 200 eurorekin sarituko dute.