Gutuna

Bejondeigula, Urola!

Urolako AEK 2024ko mar. 22a, 09:45

23. Korrika, Azpeitian (AEK)

23. Korrika eskualdetik igaro ondoren, honako gutun hau helarazi die herritarrei Urolako AEK-k.

Ez da erraza hitz egokiak topatzea. Ikaragarria, kolosala… eta hala ere motz gelditzen gara.

Herri harroak gara, eta harro gaude gure herriez. Bihotz-bihotzez, eskerrik asko!

Oraindik emozioak pil-pilean ditugu, eta ez dugu guztiz asimilatu asteazkenekoa; hala ere, garbi duguna zera da: mundialak zarete, mundialak gara! Zorion eta esker mezuak jasotzen ari garen honetan, bueltan eman nahi dizkizuegu. Zorionak eta eskerrik asko Urolako herritarroi, Korrikaren olatu erraldoia osatu duzuelako. Zorionak Korrika batzordeetan buru-belarri aritu zaretenoi, zuen laguntzarik gabe ez litzatekeelako posible izango asteazkeneko zorakeria zoragarria. Eta gertatu zen, zuei esker gertatu ere! Eskerrik asko modu batean edo bestean 23. Korrikan parte hartu duzuen guztioi.

Bestalde, eskerrik asko AEK-ko ikasleoi Euskal Herria euskalduntzen laguntzeagatik, eta eskerrik asko azken egunetan gurekin izan duzuen pazientziagatik. Onenak zarete!

Guztion artean lortuko dugu Euskal Herri euskalduna. Horretarako, ordea, lanean jarraitu beharko dugu, harro. Oldarraldi guztiei aurre egiteko indarra beharko dugu; denon indarrak batu eta hortzak erakustea dagokigu orain.

Segi dezagun harro dagoen herria izaten. Harro gaudela erakusten, baina ez konforme.