Anaitasuna futbol taldearen gizonen taldeari neurketa bat baino ez zaio geratzen Espainiako Hirugarren Mailaren denboraldia amaitzeko. Atzo, igandez, hil ala biziko partida jokatu zuten Añorgaren aurka Txerloian, eta 2-1 irabazi zuten Txema Añibarroren gizonek. Julenek eta Anderrek sartu zituzten taldearentzat hain beharrezkoak ziren bi golak.
Partida irabazi arren, baina, jaitsiera postuetan borrokan jarraitzen du talde azkoitiarrak, gaur-gaurkoz, 16. postuan baitaude gorritxoak, 32 punturekin. Puntu bat gehiagora dute Pasaia taldea, eta ondorioz, datorren asteburuko partida erabakigarria izango da mailan jarraituko ote duten erabakitzeko. Gorritxoek Basauriko (Bizkaia) Basconia taldea izango dute aurkari hango zelaian, gaur-gaurkoz hirugarren postuan dagoen taldea. Pasaitarrek, aldiz, Vitoria izango dute aurkari, sailkapenean aurrena doan taldea.
Emakumeek mailari eutsi diote
Anaitasunaren emakumeen taldeak, aldiz, 32. jardunaldiko partida jokatu zuen larunbatean Txerloian, Añorgaren aurka. Lehen zatian nagusi izan ziren azkoitiarrak, Junek eta Enarak gol bana sartzea lortu baitzuten. Atsedenaldira joatear zirela, baina, txartel gorria atera zioten Joneri, eta gorritxoek jokalari baten faltan jokatu behar izan zuten bigarren zati osoa. Hori horrela, Añorgak bi gol sartu zizkien 49. eta 80. minutuetan. Binako berdinketarekin amaitu zuten azkenean neurketa.
Beste bi jardunaldiren faltan, jada jakina da emakumeen taldeak mailari eutsiko diola eta Euskal Ligan jokatuko duela datorren denboraldian ere. Gaur-gaurkoz, sailkapeneko 12. postuan dago talde azkoitiarra, 37 punturekin.