Iraurgiko gizonen lehen taldea osatu zutenak ere omendu dituzte

Nerea Uranga 2024ko urt. 8a, 10:05

Iraurgiko gizonen lehen taldeari omenaldia atzo, Azpeitiko kiroldegian. (Mikel Amenabar 'Otola')

50. urteurreneko ospakizunak hasi ditu Iraurgi saskibaloi klubak. Orain dela bost hamarkada emakumeen eta gizonen lehen saskibaloi taldeko kide izandakoak omendu ditu klubak, lehen bi talde nagusien azken jardunaldiko partiden aurretik.

50 urteurrena ospatzen hasi da Iraurgi saskibaloi kluba. Atzo, igandea, bi omenaldi ekitaldi egin zituen Azpeitiko kiroldegian; alegia, emakumeen zein gizonen lehen saskibaloi taldeko kideak omendu zituen zaleen aurrean.

Eguerdian, Espainiako LF2 mailako Domusa Teknik ISBk multzoko sailkapen buru den Ausarta Barakaldoren kontra jokatu zuen, eta 68-74 galdu zuten. Partida horren aurretik 1974-1975 denboraldian Jesuitinak izenarekin jokatu zuten taldeko kideak omendu zituzten.

Arratsaldean, berriz, Zilarrezko LEB ligako jardunaldiaren aurretik, 1970 eta 1972 urteen artean Anaitasuna edo Illarra taldean jokatu zuten gizonak omendu zituzten saskibaloi klubekoek. Segidan, Juaristi ISBk Fundacion Globalcaja La Rodaren kontra jokatu zuen. Gizonen taldeak ere ezin izan zuen garaipena lortu. Lehenengo laurdena 19na bukatu zuten, eta atsedenean etxekoen alde zegoen markagailua (36-31). Hirugarren laurdena ere hiru puntu goitik bukatu zuten ISBkoek, baina partida bost puntu behetik bukatu zuten, 75-80 eginda.


Juaristi ISBren eta La Rodaren arteko partida atzo arratsaldean, Azpeitiko kiroldegian. (Mikel Amenabar 'Otola')