Gutuna

San Martin egoitzako Langile Batzordearen adierazpena

San Martin egoitzako Langile Batzordea 2024ko mar. 19a, 18:09

San Martin egoitza. (Nerea Uranga)

San Martin egoitzako Langile Batzordeak egoitzan bizi duten egoeraren gainean idatzitako gutuna da honako hau.

Zoritxarrez, San Martin egoitzako egoera protagonista izan da azken hilabeteetan Azpeitian. Inolako arrazoirik gabe eman den kaleratzeak hautsak harrotu ditu, eta urteetan alfonbra azpian gordetzen joan diren miseriak azaleratu zaizkigu.

Guk, langileok, beti eman dugu gure onena egoitzan ditugun egoiliarrak etxean bezala senti daitezen. Beti eman dugu gure onena ematen dugun zerbitzua duina izan dadin. Guztiok dugu zahartzaro duin bat izateko eskubidea, guztiok dugu zahartzaroan zainduak izateko eskubidea. Zaintza eredua derrigorrez zaintza langileon eskuetatik pasatzen da, eta zaintza duina eman ahal izateko, bitartekoak behar ditugu.

Egoitzaren gestio kaxkarraren ondorioz, zaintzaren sektorean lan egiten duten enpresak sartu ziren San Martinen. Zaintza sektoreko enpresek, eskubide unibertsal bezala ikusi beharrean, negozio bezala ikusten dute zaintza. Ez zaigu galdetu nola lan egin nahi dugun, zer bitarteko behar ditugun zaintza egokia eman ahal izateko. Guztia langileon iritzia kontuan hartu gabe inposatu zaigu. Eta guk egoiliarrekin aurpegi ona jarri eta lanean jarraitu dugu.

Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrak zein igaro berri den Martxoaren 8ak erdigunean jarri digute zaintza sistema publiko, komunitario eta unibertsalaren beharra. San Martinen, ordea, fundazio pribatu baten agindupean funtzionatzen jarraitzen dugu. Horregatik etortzen dira langileen kaleratzeak. Enpresak kaleratzea bidegabea dela onartuta ere, nahiago izan du kalte-ordaina ordaintzea langilea berriz hartzea baino, diruak guztia konponduko balu bezala.

Nekatuta gaude langileoi zuzenean eragiten diguten erabakiak langileon iritzia kontuan izan gabe hartzeaz. Nekatuta gaude zaintza langileon izerdiaz negozioa egiten dela ikusteaz. Eta nekatuta gaude diru publikoa etengabe esku pribatuetara joaten dela ikusteaz. San Martin Fundazioko patronatuari zein San Martineko zuzendaritzari aintzat har gaitzaten eskatu nahi diegu, guztion artean lortuko dugulako egoitzaren funtzionamendu egokia, eta horren bidez, zaintza zerbitzu duina.