Indarkeria matxistari aurre egiteko proposamena aurkeztuko du Urola Erdiko Itaiak ostiralean

Maialen Etxaniz 2024ko urt. 22a, 13:04

Itaiak proposamen politikoa aurkezteko egindako agerraldiko irudia. (Itaia)

Itaiak proposamen politikoa ondu du indarkeria matxistari aurre egiteko bide orri gisa. Ostiralean aurkeztuko dituzte proposamenaren xehetasunak. Aurkezpena Esklabetako areto nagusian egingo dute, 18:30ean hasita. Saioa irekia izango da.  

Urola Erdiko Itaiak indarkeria matxistari aurre egiteko ondu duen proposamen politikoa aurkezteko saio irekia egingo dute ostiralean, hilak 26, Esklabak zentro sozialistan. Saioa irekia izango da, eta 18:30ean hasiko da. 

Itaiak osatutako proposamenak lau ardatz ditu, "emakume langileen babesari, erasoen aurkako erantzunari, indarkeria matxista normalizatzen duten industria kulturalari zein antolakuntza politikoari" lotutakoak. Aurkezpenean xehetuko dituzte bide orriaren ertz guztiak. Dena den, honako lotura honetan irakur daiteke proposamenaren dokumentua

"Inolako zapalkuntzarik onartuko ez duen gizarte sozialista eraiki behar dugu eta norabide horretan ekarpena egitea dugu xede. Egun, indarkeria matxistaren aurrean erantzun sendoa eman behar dugu, matxismoak barnebiltzen dituen zapalkuntza esparru guztiei irmotasunez erantzungo diena", adierazi du Itaiak.